Albisteak

Agurainen

Hesian, Eratu eta McOnak, igandean, Araba Euskaraz festan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Lautada Ikastolak antolatu du igande honetan Agurainen egingo duten jaia.

"Geroari begira" leloari eutsita, Arabako Ikastolen Aldeko Festa hartuko du Agurainek igandean. Herri kirolak, tailerrak, haurrentzako jolasak eta pailazoak, eta, nola ez, musika izango ditu ardatz Araba Euskarazek.

Lautada Ikastolari egokitu zaio aurten aipatu festa antolatzea, eta gazteei begira eskaintza zabala prestatu du. Galzar gunea (1. gunea) kontzertuen gunea izango da eta, estilo askotariko doinuz jantziko da egun horretan. Hain zuzen ere, Oihan Vega izango da agertokira ateratzen lehena. Zalantzarik gabe, milaka gaztetxo bilduko ditu Gazteako esatariaren musikak, baita geroago iritsiko den McOnak taldearen emanaldiak ere. 14:30ean igoko dira oholtzara lekeitiarrak, eta ondotik Eraturen zuzenekoak hartuko du lekua. Bukatzeko, 17:30ean Hesianek itxiko du kontzertuen zikloa.

Hori gutxi ez eta, Sagarmin gunean (2. gunea) bestak beste, Oxabiren doinuak entzungo dira, baita Arramazkaren abestiak ere.

Hirugarren gunea, Bentatxo, dantzarako gunea izango da. Eguerditik hasita Zumba tailerra, Batukada eta Oskiozola taldea izango dira.

Laugarren gunea aldiz, haurren gunea izango da. Etxeko txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eta Eriz magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Eguna bukatzeko, 17:30etatik aurrera, haurrei zuzendutako disko festaz gozatzeko aukera ere izango dute.

Eguraldiaren aurreikuspena:

Euskalmeten aurreikuspenaren arabera, iganderako hobekuntza txiki bat espero da. Haizeak ipar-mendebaldetik jotzen jarraituko badu ere, ahulago ibiliko da eta hodei geruza tarteka zulatu egingo da, bereziki arratsaldean. Hegoaldean, urdinguneak gailenduko dira eta ziertzo haizeak ere indarra galduko du. Poliki-poliki tenperatura errekuperatuz joango da.

 

Igandean Agurainen duzue hitzordua!

araba euskaraz egitaraua