Musika

Agurra

Lain taldeak agur esango du azaroan

JANIRE ALDEKOA | EITB.EUS

2008an Maketa Lehiaketa irabazi zuen Lain taldeak musikaren mundua utziko du, bere azkeneko kontzertuak azarora arte eskainiz.

Gazte hauen ibilbidea, Maketa Lehiaketa irabaztearekin batera, gero eta gehiago joan zen hedatzen, pop kutsuak nabarmentzetik rockekoak nagusitzera igaroz. Lain taldea 2008an sortu zen Villabonan (Gipuzkoa). Leire Berasaluze (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Jon Altuna (bateria), Imanol Urkola (gitarra) eta Javi Riverok (baxua) osatu zuten taldea 2011ra arte, eta bi disko kaleratu zituzten urte horietan, Elkar argitaletxearekin biak: Lain (2009) eta Leihoak (2011).

2013an, Imanol Urkolak taldea utzi, eta Joseba De Arribak (gitarra) ordezkatu zuen. 2015ko maiatzean, berriz, hirugarren diskoa kaleratu zuten: Tximeletak.

Min handiz esango dio agur Lain taldeak musikari. Azaroan emango dute azken kontzertua, baina ez gaituzte besterik gabe utziko; izan ere, hitz hauek zabaldu ditu taldeak sare sozialetan:

"Gure tximeletak askatu genituen eta urrun egin dute hegan. Hain urrun, jada ez direla zeruan ikusten ere. Lain taldean izugarri maite ditugun tximeletak badira ere, ezinezko bihurtu zaigu hauen kontrola. Min handiz diogu, Lain familiak azken kontzertuak egingo dituela 2016ko azarora arte. Izugarrizko bide ederra izan da, joan eta etorriekin. Imanol joan zen, Joseba eta Mikel elkartu ziren eta gure muina beti elkarrekiko familia maitasuna izan da. Hala ere, gure lanbide eta lan proiektu berriek ezinezko bihurtu dute aurrera jarraitzeak. Tximeletak askatu genituen eta hegan egin dute. Ume ginela hasi ginen, baina adin batera iritsi gara eta arrazoi zuten gure zaharrek zein ederra zen ardurarik gabe bizitzea ziotenean. Besterik gabe, ahalik eta agurrik goxo eta jendetsuenera ailegatu nahiko genuke gure agurra emateko. Beraz, zuen herrian Lain taldeak jotzea nahi izanez gero, gurekin kontaktuan jarri eta bertan egoten saiatuko ginateke. Mila esker bidean gure alboan izan zaretenoi. Lain taldea badoa baina musikak hor  jarraituko du betiko..."

Lain taldea

 



p>