Albisteak

Jaialdia

Holi Festival jaiak kolorez jantziko du Getxoko zerua irailaren 24an

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Hamabi orduko jaia ospatuko dute irailaren bukaeran Bizkaiko aipatu udalerrian, jatorri hindua duen usadiozko festan oinarrituta. Dj-ek leku garrantzitsua beteko dute han.

Irailaren 24an Holi Festival jaialdia hartuko du Getxok. Jatorri hindua duen festa koloretsu horrek udaberriaren eta eguraldi onaren hasiera ospatzen du. Alabaina, Getxon udazkenaren etorrera ospatuko dute hamabi orduko jai koloretsu horrekin.

Esan bezala, neguko azken ilargi betearekin batera egiten dute aipatu jaia Indian, Nepalen eta Malasian, besteak beste, baina azken urteetan mugak gainditu ditu, eta beste herrialde batzuetara zabaldu da.

Batik bat, koloredun hautsek egiten dute ezberdin Holi jaialdia gainerakoetatik. Helburua udaberriarekin batera loratzen diren koloreak irudikatzea da.

Aurten bigarrenez egingo dute jaialdia Bizkaian (iaz Barakaldon ospatu zuten, ekainean). 12:00etan hasiko da festa, eta gauerdira arte luzatuko dute, orduro koloredun hautsak jaurtita.

Gainera, musikak leku garrantzitsua beteko du, han arituko baitira The Invaders, David Dyceneck, Catulo eta Absaider disko-jartzaileak, baita The Middle Fingers taldea ere.

Sarrerak 20 euroan daude salgai jaialdiaren webgunean.