Albisteak

Urriaren 2an, Bergaran

Doctor Deseo, Ze Esatek, eta Skakeitan, Kilometroak festa girotzen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Iker Lauroba, Perlak, Eraul, Anari, Joseba B. Lenoir Gang, Sorkun, Emon, Oihan vega, 2Zio eta Oxabi ere arituko dira Bergaran, urriaren 2an.

Oso gutxi geratzen da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ospatzeko. Urtero bezala, urriko lehenengo igandean egingo dute aurten ere Kilometroak; urriaren 2an, hain zuzen ere.

Bost gunetan banatuta, eta "Dmasa" lelopean, Bergarako Aranzadi Ikastolak gonbidatutako hainbat euskal taldek girotuko dute eguna.

Lehenengo gunea, adibidez, etxeko txikienei zuzenduta egongo da. Gainerako lau txokoak, ostera, gazteen topaleku bihurtuko dira, talde ezagunen zuzenekoak egongo baitira horietan.

Bigarren gunean, esaterako, Iker Lauroba, Burun Danga, Perlak, Eraul, Anari, Joseba B. Lenoir Gang eta Sorkun igoko dira oholtza gainera. Hirugarren gunean, berriz, Kometa, Autobus Magikoa, Emon, Oihan Vega eta Skakeitan taldeen emanaldiak ikusiko dituzte Bergarara joaten diren euskaltzaleek.

Talde horien kontzertuekin nahikoa ez dutenek laugarren edo bosgarren gunera joan beharko dute. Ze Esatek, Doctor Deseo, Fly Shit eta Azkaiter Trio aterako dira oholtzara batean, eta 2Zio, Anje Duhalde eta Oxabi, bestean.