Albisteak

Asteburuko musika agenda

Kontzertu gutxi, baina primerakoak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Chambao, The Rural Zombies, Esne Beltza, Itziarren Semeak, Seiurte eta Obus arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

Uda bukatuta, atseden hartzeko ordua iritsi zaie hainbat talderi, batik bat, Durangoko Azokara begira disko berriak prestatzen ari direlako. Horregatik, ohi baino urriago dator asteburuko kontzertuen agenda.

OSTIRALA

Kiko Venenoren abesti ezagunenek Azpeitia girotuko dute ostiralean. Usurbilen, berriz, Joseba Tapia eta Besamotzak, Rukula eta Zozo arituko dira.

Bizkaian ere egongo da zer entzun. Bilbon, adibidez, Izarok kantu berriak aurkeztuko ditu Kafe Antzokian, eta abeslari bizkaitarra ez ezik, Iker Lauroba ere gonbidatuko dute Bizkaiko hiriburuko areto horretara.

Hala eta guztiz ere, Sopelak hartuko du ostiraleko hitzordu garrantzitsuenetakoa, La Pulqueria, Hey Mr.Neken eta Sorkun igoko baitira oholtzara bertan. Gainera, Elorriok Esne Beltza eta The Rodeosen bisita jasoko du.

Bukatzeko, Nekez, Itziarren Semeak eta Los Zopilotes Txirriaos Iruñeko herri mugimenduko gunea girotuko dute.

LARUNBATA

Esne Beltzak bigarren emanaldi bat du iragarrita larunbaterako; kasu honetan, Sopelan. The Clams, Dead Bronco, The Great Barrier eta DJ Göo ere arituko dira bertan.

Elorriora joanez gero, Seiurtek eta The Vanek plazan emango duten kontzertuarekin egingo dugu topo.

Horrez gain, Araiara gerturatzen direnek Zartako K-ren, Akorten eta DJ Lororen zuzenekoekin gozatuko dute.

Azken bi hitzordu garrantzitsuenak Gipuzkoan ditugu: Obus, Donostian, eta Chambao, Errenterian.