Albisteak

'Black is Beltza ASM sessions'

Bartzelonako egonaldiaren lekuko da Fermin Muguruzaren disko berria

N.V. | L.Z. / EITB.EUS

Dub musika oinarri duen lanean Chalart 58 ekoizle katalanak hartu du parte, musikari irundarrarekin batera. Diskoa azaroaren 25ean jarriko dute salgai.

Irun, Jamaika, Palestina, New Orleans eta, orain, Bartzelona. Kataluniako hiriburua da, hain zuzen, Fermin Muguruzaren lurrikara berriaren epizentroa. Hala, kantari irundarrak iragarri du, Gerard Casajusekin (Chalart 58) batera sortutako disko berrian, 2016ko udan Bartzelonan bizitako pasarte artistikoak jaso dituela.

Muguruzak eta Chalart 58 bateria-jotzaileak grabatu eta nahasi dute lan berria, dub musikaren oinarriekin esperimentatuz eta hainbat gonbidaturen parte-hartzearekin. Besteak beste, hauek dira diskoan parte hartu duten musikariak: Joan Garriga (La Troba Kung-Fu), Amparo Sanchez, Yacine Belahcene, Madjid Fahem (Manu Chaoren gitarra-jotzailea), Sr. Wilson, Ander (Green Valley), Willy Fuego eta BOCAdeBABA rap-abeslariak. Gainera, New Orleans hiriko zenbait musikariren laguntza izan dute; Jonathan Freilichena, Paul Thibodeauxena, Ashlin Parkerrena eta Chrishira Perrierrena, kasu. Aipatzekoa da, halaber, La Basu eta Aneguria izan dituztela lagun proiektu berrian.

Bukatzeko, Victor Navarreteren (Ferminen ohiko baxu-jotzailea), Tex & Sun Flower Seed talde japoniarraren eta Skarra Mucci musikari jamaikarraren kolaborazioa izan dute.

Esan bezala, Bartzelonan bertan grabatu dute diskoa, non Ferminek En directe sense censura zuzeneko lana grabatuko duen, Kontrabanda proiektuarekin batera. Disko horrek azaroaren 25ean ikusiko du argia, Talka Recordsen eta Kasba Musicen eskutik.