Albisteak

Itzulera

PiLT, agertokira ateratzeko prest

N.V. / L.Z. | EITB.EUS

Hamar urte geroago, talde mungiarra berriro elkartuko da zenbait zuzeneko emateko.

4:15

Heriotzaren ostean, pizkundea omen dator, eta horixe da, hain zuzen, "Hil da Jainkoa" kantuaren egileek hartutako bidea. Hala, PiLT mungiarrak (1995-2004) agertokietara itzuliko dira, hamar urteko atsedenaldiaren ondoren.

Oholtzara itzulitakoan emango dituzten "aldizkako" kontzertuetan (maitzaren 5ean, ostiralarekin, Bilboko Kafe Antzokian egongo direla irakur daiteke Bilboko aretoaren webgunean), boskote gisa azalduko dira, PiLT taldeak izandako bi baxu-jotzaileak, Txarlie Solano eta David Gonzalez, elkarrekin arituko baitira.

Horrenbestez, Rafa Ruedak, Aitor Abiok, Xanpek, Txarlie Solanok eta David Gonzalezek osatuko dute taldea. Taldekide guztiak beste proiektu batzuetan murgilduta daudela kontuan izanda, bost musikariek "ahalegin berezia egingo dute agendak egokitzeko".

Rafa Ruedak, bere aldetik, bakarkako hainbat lan argitaratu ditu, poesia, musika eta literatura uztartzen dituzten "Zaharregia, txikiegia agian" eta "Jainko txiki eta jostalari hura" proiektuetan hartu du parte, eta, besteak beste, Lou Topetekin aritu izan da azkenaldian. Xanpek eta Aitor Abiok, berriz, nahaste-mahaiaren atzealdean jarduten dute, soinu-teknikari eta ekoizle lanak eginez. Bestalde, David Gonzalez Berri Txarrak eta Cobra taldeetako baxu-jotzailea da, eta Txarlie Solanok Madrilen egin du ibilbide musikala. Orain, Mabu proiektuan murgilduta dago Solano.

Guztira, estudioko bost disko argitaratu zituen PiLT taldeak: PiLT (1995), Denbora (1998), 3 (1999), Minus (2002) eta Game Over (2004).