Albisteak

Kontzertuen egitaraua

Esne Beltza, Vendetta eta Itziarren Semeak arituko dira Zornotzako festetan

IDOIA ARANBARRI | EITB.EUS

Txapelpunk, Calum, En Tol Sarmiento, Garilak 26 eta Oihan Vega ere egongo dira, uztailaren 15etik aurrera, Zornotzako jaietan.

Zornotzako festak uztailaren 15ean abiatuko badituzte ere, mugalari.info webguneak dagoeneko iragarri du zein izango den aurtengo festetako kontzertuen egitaraua. Guztira 20 taldek eskainiko dute emanaldia, Bizkaiko udalerri horretan jarriko dituzten lau agertokietan.

Esne Beltza taldearekin abiatuko dituzte jaiak uztailaren 15ean, Zubiondo plazan. Hurrengo egunean, En Tol Sarmientoren doinuek girotuko dute plaza bera.

Gaztetxoek Calum bakarlariaren musikaz gozatzeko aukera izango dute uztailaren 21ean, eta Garilak 26 taldeak Ixerbekoa girotuko du egun berean.

Ska, punk eta reggae musika ere ez da faltako Zornotzan uztailaren 22an. Txapelpunk arduratuko da euskal punkarekin Ixerbekoako txosnak girotzeaz, eta Itziarren Semeak talde mungiarraren esku geratuko da txosnagunea ondoren. Vendetta talde nafarraren txanda uztailaren 24an izango da.

Disko-jartzaileak ere izango dira bertan, eta gorputza Oihan Vega eta Carlos Dean disko-jartzaileen erritmora mugitzeko aukera izango duzu uztailaren 23an eta 25ean.