Albisteak

BIRA

Badator Berri Txarraken gaztetxe bira

IDOIA ARANBARRI | EITB.EUS

Euskal Herriko hiru gaztetxetan emango ditu kontzertuak talde nafarrak udako "Bakarrik Egoteko Summer Tour 2017" bira hasi baino lehen.

Atsedenik hartu gabe dabiltza Berri Txarrak taldeko kideak, eta udaren atarian Euskal Herriko hiru gaztetxe zein gaztelekutan bira labur bat egingo duela iragarri du. Hori gutxi ez eta, ekainaren 2an "Bakarrik Egoteko Summer Tour 2017" birari emango dio hasiera Bartzelonan.

Maiatzaren 25ean izango da gaztetxe birako lehenengo hitzordua, Lizarrako Gaztediaren Etxean. Hurrengo egunean, maiatzaren 26an, Orioko Etxeluze Gaztetxea astinduko dute Gorka Urbizu eta gainerakoek.

Nahiz eta udako bira ekainaren 2an hasi, ekainaren 11n Oñatiko Gaztelekuan egingo dute geldialdia gaztetxe birari amaiera emateko.

Sarrerak gaurtik, maiatzaren 18tik, aurrera daude salgai Lizarrako María Vicuña Gaztediaren Etxean; Orioko Gaztetxean; eta Oñatiko Xagu, Ona eta Boga tabernetan.

"Bakarrik Egoteko Summer Tour 2017"an Euskal Herritik kanpoko jaialdietan arituko dira batik bat. Ekainaren 2an Bartzelonako 'Primavera Sound Festival'-en hartuko dute parte. Lakuntzan egingo den 'Hatortxu Rock 20', Madrilgo 'True Music Festival', Bristolgo 'Moor Fest' eta Burgoseko 'Sonorama Rivera 2017' bezalako jaialdietan ikusteko aukera izango duzu Lekunberriko taldea udan zehar.

Hauxek dira Berri Txarrakek eskainiko dituen kontzertuak:

Gaztetxe eta Gaztelekuetako bira

Maiatzak 25: Lizarra, Gaztediaren Etxea

Maiatzak 26: Orio, Etxeluze gaztetxea

Ekainak 11: Oñati, Gaztelekua

"Bakarrik Egoteko Summer Tour 2017"

Ekainak 2: Bartzelona, Primavera Sound Festival

Ekainak 10: Madril, True Music Festival (Joy Slava)

Ekainak 14: Tours, Aucard de Tours 2017

Ekainak 17: Bristol, Moor Fest

Ekainak 21: Paris, Fête de la Musique

Uztailak 1: Marmande, Garorock Festival

Uztailak 6: El Bonillo, Alterna Festival

Uztailak 7: Torre del Mar, Weekend Beach Festival

Uztailak 21: Ezcaray, Ezcaray Fest

Uztailak 22: Bartzelona, Barna 'N Roll 2017

Uztailak 28: Lakuntza, Hatortxu Rock 20

Uztailak 29: Gijon, Tsunami Xixón

Abuztuak 10-13: Aranda de Duero, Sonorama Ribera 2017