Albisteak

Intxaurrondo Kultur Etxean

!!! (Chk, Chk, Chk) Donostian arituko da urriaren 26an

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Urriko hitzordurako sarrerak salgai daude dagoeneko. Beste bi talde arituko dira taula gainean egun berean: Anai Arrebak eta Nerabe.

Bilbao BBK Live jaialdian aritu ostean, !!! (Chk, Chk, Chk) talde estatubatuarrak jakitera eman du Donostian izango dela urrian, Shake the Shudder diskoa aurkezten. Hain zuzen ere, kontzertua Intxaurrondo Kultur Etxean izango da, urriaren 26an.

Nic Offerrek gidatzen duen taldeak zuzeneko indartsuak eskaintzen ditu, Chicagoko eskolatik hartutako punk, dance, hip hop eta house estiloak modu ezin hobean uztartuz. Nolanahi dela, rockaren eta musika elektronikoaren jarraitzaileak liluratzea ere lortu dute urteen joan-etorrian, MythTakes eta Thriller lanekin, adibidez.

Donostiako kontzertuan, !!! taldearen aurretik, beste bi talde gonbidatu igoko dira Intxaurrondoko oholtza gainera: Anai Arrebak eta Nerabe.

Dagoeneko salgai daude aipatu kontzerturako sarrerak Donostia Kultura webgunean eta Victoria Eugeniako Antzoki Zaharreko txarteldegian. Halaber, emanaldia hasi baino ordubete lehenago erosteko aukera ere egongo da, Intxaurrondo Kultur Etxeko lehiatilan.

 

 

(Bilbao BBK Live 2017 jaialdian emandako kontzertua)