Albisteak

Kontzertuen agenda

Euskal musika nagusi, herrietako festetan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Txapelpunk, Huntza, EtsaiakEroak, Porco Bravo, Su Ta Gar, Ehun Kilo, Grises, Willis Drummond eta Garilak 26 arituko dira asteburuan, Euskal Herrian.

OSTIRALA

Esne Beltzak Arantza bisitatuko du ostiral honetan; Makean, Skakeitan eta Ingo al Deu taldeen musika entzungo da; eta Laudion, Siroka, Egurra eta Kitto eta Akerbeltz taldeena.

Gainerako kontzertu garrantzitsuenak Bizkaian eta Gipuzkoan izango dira. Batetik, Nevadah, Kompromiso Antisocial eta Txapelpunk izango dira protagonista Arrigorriagan. Horrez gain, Huntzak eta Rebelion do Inframundok girotuko dute Bilboko Basurtu auzoa, eta Garilak 26 taldeak horixe berori egingo du Zornotzan.

Bestetik, Aizkora, Unika Alternatiba, Etsaiakeroak eta La Basu Errenteria jaietara gerturatuko dira, eta Depedroren musika entzungo da Eskoriatzan.

LARUNBATA

Arrigorriagan egingo dugu larunbateko lehenengo geldialdia, Boggie Riders, Porco Bravo eta Def Con Dos taldeen zuzenekoak azpimarratzeko.

Esateko modukoa da, halaber, Gorlizen egingo duela geldialdia Su Ta Garren birak, eta oraingo honetan Otxandion dutela hitzordua Huntzakoek, Lagrimas de Sangre eta Akerbeltz taldeekin batera.

Bizkaiko emanaldiekin bukatu aurretik, nabarmentzekoa da Itziarren Semeak eta Txapelpunk gonbidatuko dituztela Zornotzako jaietara.

Gipuzkoa aldean, berriz, Ordizian, Mendaron eta Errenterian dituzte jaiak. Hain zuzen ere, Fumut, Potrotaraino eta Las Tipex arduratuko dira Ordizia harrapatzeaz. Ehun Kilo, Anestesia eta Kraussk taldeek, ostera, Mendaroko bizilagunekin igaroko dute gaua, eta Ibai Marin y la Vieja Guardia, Pelax & Telmo, Grises eta Sardeska Errenteriako txosnen gunean ikusiko ditugu.

IGANDEA

Leku berean, baina egun bat geroago, Willis Drummonden eta Atxurra Band taldearen musikak bustiko du jai-gunea.

Doinu lasaiagoak nahi dutenek, aitzitik, Jon Basagurenekin egingo dute topo Oñatin.

Bukatzeko, Garilak 26 taldeak dantza giroa sortuko du, seguru asko, Gorlizko plazan.