Albisteak

Kontzertuen agenda

Jai giroan murgilduta dator asteburua

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Ken Zazpi, Hesian, Josetxu Piperrak, Fermin Muguruza, Willis Drummond, Skakeitan, Zea Mays eta En Tol Sarmiento arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

  • Fermin Muguruza

OSTIRALA

Balerdi Balerdik Atarrabian joko du ostiralean, eta Reincidentesek eta Guda Dantzak, Dulantzin.

Gainerako kontzertu esanguratsuenak Bizkaian eta Gipuzkoan izango dira. Bergaran, adibidez, Iker Lauroba & Itsasargiak eta Betxortan arituko dira; Elgoibarren, Huntza; Tolosan, Glaukoma, eta Zestoan, Willis Drummond eta Rodeo.

Bizkaira mugituta Enkorek, En Tol Sarmientok eta Garilak 26k Gueñesen eskainiko dituzten zuzenekoekin egingo dugu topo, baita Mamagigi's, Txapelpunk, Txarango eta Zartako-K taldeek Lezaman emango dituzten kontzertuekin ere.

Hori gutxi ez eta, Elorrion Euskal Dub Etxea & Gonbidatuak eta Ken Zazpi igoko dira txosnen gunean jarri duten agertokira. Bukatzeko, Hesianen eta Skakeitanen bisita jasoko du Ugaok.

LARUNBATA

Nabarmentzeko modukoa da Altsasun Fermin Muguruza, Chalart 58 eta Matah egongo direla larunbatean. Nafarroan, baita, Arrikurock jaialdia egingo dute, Narco, Josetxu Piperrak, Hesian, Aphonnic, Los Del Rayo eta Chotakabra taldeekin.

Bestalde, ohi baino larunbat musikatuagoa izango dute Muskildin eta Saran. Zuberoako aipatu udalerrian, Huntza taldeak girotuko du gaua, eta horixe berori egingo dute Saran Itziarren Semeakek eta Willis Drummondek.

Aipatzekoa da, halaber, Glaukomak bigarren hitzordu bat duela Bonberenean, Kalima lan berria aurkezteko. Tolosarrena ez da, baina, Gipuzkoan aurkituko dugun emanaldi bakarra izango. Izan ere, Riot Propaganda eta Aker Odol gonbidatu dituzte Hondarribiko festetara, eta Etsaiakeroak eta Ezten Giro, Mutrikuko Sanmikolla auzora.

Bizkaitarrek ere, agenda beteta dute larunbaterako. Joe Crepusculoren kontzertua hartuko du Bilboko Satelite T aretoak; En Tol Sarmientorena, Galdakaoko plazak; Reincidentesena, Karrantzako plazak; Skakeitan, Lagrimas de Sangre eta Garilak 26 taldeena, Lezamako txosnek, eta Enkorerena, Ugaok.

Legution egingo dugu larunbateko azken geldialdia, eta Zea Maysek plazan bildutakoen musika egarria aseko du bertan.

IGANDEA

Anarik doinu lasaiz girotuko du Donostiako Intxaurrondo auzoa igandean. Hondarribian, aitzitik, festa giroan murgilduko dira herritarrak En Tol Sarmientoren eta disko-festaren erritmora.