Albisteak

Urriaren 6an

Anestesia, PI L.T. eta Zea Mays, EHZren aldeko Zirimola kontzertuan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Urriaren 6an Zirimola kontzertu erraldoia hartuko du Ezpeletak. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte, 7 euroan.

  • Zirimola

    Zirimola

Eguraldi kaskarrak behartuta, aurtengo EHZ Festibala bertan behera gelditu ostean, asko izan dira jaialdi horren aldeko elkartasun ekimenak. Hain zuzen ere, hamaika talde eta artista igo dira agertokira, EHZri laguntza emateko helburuarekin. Horrekin, ostera, ez da nahikoa izan, eta urrirako kontzertu erraldoi bat antolatu dute.

Hitzordua urriaren 6an izango da, Ezpeletako Merkatuan, eta Anestesia, PI L.T., Zea Mays eta Biarritz Dance School aterako dira oholtzara, bertan bildutakoen musika egarria asetze aldera.

Zirimola izena jarri diote antolatzaileek emanaldi handi horri, non Anestesiak Zirkulutik espiralera diskoaren birako azken kontzertuetako bat emango duen. Gainera, PI L.T. talde mungiarra agertokian ikusteko azken aukera izango da Ezpeletakoa. Aipatzekoa da, halaber, taldearen 20. urteurrena ospatzen dabilela Zea Mays azkenaldian.

Sarrerak

EHZirimolarako sarrerak ez dituzte aldez aurretik salduko. Hots, egunean bertan egongo dira eskuragarri, 7 euroren truke.

ehzirimola jaialdia