Musika

musika ekitaldia

BECen egingo dute MTVren Europako sari banaketa hurrengo urtean

eitb.eus

BECek MTV sariak banatzeko ekitaldia hartuko du 2018ko azaroan. Bizkaiko erakusketa aretoak milioika laguneko audientzia izango du.

  • Green Day, iazko EMA sarietan. Argazkia: MTV

BEC (Bilbao Exhibition Centre) erakustazokak MTV Europe Music Awards sariak banatzeko ekitaldia hartuko du hurrengo urtean. Festa musika telebista ospetsuak antolatzen du urtero, Europako musika onena saritzeko.

Hitzordua 2018ko bukaeran izango da, Bizkaiko erakustazokan, eta, halako ekitaldietan egin ohi bezala, milioika pertsona jarriko ditu BECera begira.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak atzo, osteguna, aurreratu zuen Aldundiak "musika ekitaldi handi bat" antolatuko duela datorren urtean, eta horrek lurralde historikoak izango duen "urte ikusgarria" osatuko du, bestelako ekitaldi garrantzitsu gehiago ere hartuko baititu, bai kultur bai kirol alorrekoak.

Halaber, irailaren 27an Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran esan zuenez, 'The World's 50 Best Restaurants' eta errugbiko Txapeldunen Ligako final handia izango dira 2018an Bizkaian. Gainera, baliteke Espainiako Itzulia Bizkaira etortzea berriz, etapa "harrigarri" batekin, Tourrak lurraldeko errepideak zeharkatu baino lehen.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BECek ez dute MTVren ekitaldiaren inguruko informazioa "baieztatu, ezta ukatu ere". Albistea hainbat hedabidetan zabaldu da, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Gaztea irratietan, eta Deia eta El Correo egunkarietan, besteak beste.