Albisteak
'Fitografia' diskoa
Fitoren 20. urteurreneko birak Iruñea eta Bilbo harrapatuko ditu 2018an
"20 urte, 20 hiri" leloari eutsita, hainbat agertoki zapalduko ditu abeslari bizkaitarrak. Iruñean, maiatzaren 19an arituko da, eta Bilboko data ez du oraindik iragarri.
Fito & Fitipaldis bueltan dago. Bakarkako ibilbidearen hogeigarren urtemuga ospatze aldera, Fitografia bilduma aurkeztuko du azaroan abeslari bilbotarrak, eta kontzertu bira luzea egingo du ondoren.
Hain zuzen ere, azaroaren 10ean iritsiko da, Warnerren eskutik, Fitografia diskoa. Azken 20 urteotan egindako kanturik arrakastatsuenak bilduko ditu bertan, eta hiru formatutan kaleratuko du.
Birari dagokionez, "20 urte, 20 hiri" leloa aukeratu du. Hala, 2018ko martxoan aterako da errepidera, Espainiako Estatuko jarraitzaile guztiengana iristeko asmoz. Lehenengo kontzertua Santanderren emango du, eta hogei agertoki zapalduko ditu lau hilabeteko epean. Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren 19an Iruñean arituko da, eta Bilbon joko du geroago. Oraindik, ostera, ez dute Bizkaiko hiriburuko data zehaztu.
Zuzeneko bakoitzean, artista ezberdinak izango ditu lagun oholtza gainean. Hasierako emanaldietan, adibidez, Muchachitoren parte hartzeaz gozatuko dute ikusleek.
Orain arte baieztatutako datak
Martxoak 10, Santander
Apirilak 21, Zaragoza
Maiatzak 5, Valentzia
Maiatzak 18, Valladolid
Maiatzak 26, Malaga
Ekainak 2, Madril
Ekainak 8, Murtzia
Ekainak 23, Sevilla
Baieztatu gabe: Bilbo eta Gijon.
Sarrerak
Urriaren 10ean iragarriko dituzte beste data guztiak, baita sarrerak erosteko lekuak ere. Sarrerak, baina, urriaren 17an jarriko dituzte eskuragarri.
/p>