Albisteak

Kontzertua

Vetusta Morla Guggenheim Museoaren zabaldegian arituko da ekainean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

'Mismo Sitio, Distinto Lugar' diskoa aurkeztuko du Vetusta Morlak Bizkaiko hiriburuan, datorren urteko ekainaren 30ean.

  • Vetusta Morla. Argazkia: EFE

    Vetusta Morla. Argazkia: EFE

Vetusta Morla taldea bueltan da, urte eta erdiz agertokietatik kanpo egon ostean. Denbora horretan, Mismo Sitio, Distinto Lugar diskoa grabatzen ibili dira, eta bertan jasotako kantuak aurkeztuko dituzte martxotik aurrera egingo duten bira luzean.

Azaroaren 25ean, Guadalajaran (Mexiko) egongo dira, Nazioarteko Liburu Azokaren irekiera ekitaldian, baina ofizialki 2018an hasiko dute kontzertu bira. Aurreikusitakoaren arabera, gutxienez zazpi herrialde eta hamasei hiri bisitatuko dituzte datorren urtean.

Lehenengo emanaldia Liman (Peru) eskainiko dute, eta Txileko, Kolonbiako, Mexikoko eta Argentinako zuzenekoak helduko dira gero. Biraren bigarren zatiak, berriz, Espainiako Estatuko hainbat herri (Salamanca, Murtzia, Sevilla, Coruña, Bartzelona, Valentzia eta Madril) harrapatuko ditu, baita Portugal ere.

Euskal Herrira ekainean helduko da Vetusta Morla, kantu berriak jarraitzaileen aurrean aurkezte aldera. Hain zuzen ere, ekainaren 30ean, Bilbon arituko dira, Guggenheim Museoaren zabaldegian.

Sarrerak

Asteazkenean jarriko dituzte salgai zuzeneko guztietarako sarrerak, 10:00etan.

 

p>