Albisteak

Intxaurrondo Kultur Etxean

!!! (Chk, Chk, Chk) Donostian arituko da ostegun honetan

ERREDAKZIOA | eitb.eus

Beste bi talde arituko dira taula gainean egun berean: Anai Arrebak eta Nerabe.

Bilbao BBK Live jaialdian aritu ostean, !!! (Chk, Chk, Chk) talde estatubatuarrak Donostia harrapatuko du, Shake the Shudder diskoa aurkezteko. Hain zuzen ere, Intxaurrondo Kultur Etxean izango da kontzertua, urriaren 26an.

Nic Offerrek gidatzen duen taldeak zuzeneko indartsuak eskaintzen ditu, Chicagoko eskolatik hartutako punk, dance, hip hop eta house estiloak modu ezin hobean uztartuz. Nolanahi dela, rockaren eta musika elektronikoaren jarraitzaileak liluratzea ere lortu dute urteen joan-etorrian, MythTakes eta Thriller lanekin, adibidez.

Donostiako kontzertuan, !!! taldearen aurretik, beste bi talde gonbidatu igoko dira Intxaurrondoko oholtza gainera: Anai Arrebak eta Nerabe.

Aipatu kontzerturako sarrerak Donostia Kultura webgunean daude salgai, baita Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko txarteldegietan ere. Emanaldia hasi baino ordubete lehenago ere erosi ahalko da, Intxaurrondo Kultur Etxeko leihatilan.

(Bilbao BBK Live 2017 jaialdian emandako kontzertua)