Albisteak

Bira, bertan behera

Shakiraren Barakaldoko kontzertua, atzeratuta

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Ahots-kordetan daukan hemorragia batek behartuta, "El Dorado World Tour" birako kontzertu guztiak atzeratu ditu abeslari kolonbiarrak.

Shakirak bertan behera utzi du "El Dorado World Tour" bira, Last Tourrek azken orduotan jakinarazi duenez. Sendagileek agindu omen diote bira etetea, ahots-kordetan duen hemorragia batengatik. Hori horrela, Shakira ez da azaroaren 17an Barakaldoko BEC erakustazokan egongo. Guztiz osatzen denean ekingo dio aipatu birari, baina ordura arte atseden hartuko du, osasun arazo larririk izan ez dezan, batik bat.

Ildo horretan, burumakur azaldu da kantari kolonbiarra, bira aste honetan bertan abiatzeko asmoa baitzuen. Dena den, aurki agertokietara itzultzeko esperantza erakutsi du. Horrez gain, jarraitzaileei eskerrak eman nahi izan dizkie erakutsitako leialtasunagatik, pazientziagatik eta babesagatik.

Sarrerak

Barakaldoko kontzerturako zein gainerako emanaldietarako sarrerak erosita zeuzkatenei mezua bidali die Last Tourrek. Hain zuzen ere, sarrera horiek gordetzeko eskatu die, data berriak laster iragarriko dituztelako.