Albisteak

Diskoaren aurkezpena

Berri Txarrakek kontzertu bakarra iragarri du 2018rako: martxoaren 17an BECen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Areto txikiak atzean utzi, eta Barakaldoko BEC! erakustazoka bete nahi du Berri Txarrakek, Infrasoinuak diskoko abestiak eta taldearen kantu entzutetsuenak taularatuta.

Infrasoinuak diskoa aurkeztu du gaur Berri Txarrak taldeak Bilboko Kafe Antzokian. Gorka Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek Bizkaiko hiriburuan emandako prentsaurrekoan, estudioko lan berriari buruzko xehetasunak argitu dituzte, baita diskoa aurkezteko eskainiko dituzten kontzertuen berri eman ere.

Berri Txarrak taldeak zuzeneko bakarra iragarri du Euskal Herrian 2018rako, baina ez edonolako kontzertua. Izan ere, historikoa izango da datorren urteko martxoaren 17an talde nafarrak egingo duena. Areto txikiak atzean utzi, eta Barakaldoko BEC! erakustazoka bete nahi du Berri Txarrakek, Infrasoinuak diskoko abestiak eta taldearen kantu entzutetsuenak taularatuta.

Horrez gain, Bartzelona eta Madril ere bisitatuko ditu. Martxoaren 10ean izango da Kataluniako hiriburuko emanaldia Razzmatazz aretoan, eta apirilaren 14an dute hitzordua Madrilen. Aipatu hiru kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, Musikazeren webgunean.

Infrasoinuak diskoa

Berri Txarraken 20. urteurrenarekin batera iritsi zen Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza, eta hiru urte geroago kalean da Only In Dreams zigilupean argitaratutako Infrasoinuak. Bill Stevensonek eta Jason Livermorek ekoitzi dute proiektu berri hori, eta haien arteko elkarlanak emaitza bikaina eman duela aitortu dute taldekideek.

Txilen abiatu zuten aipatu abentura, 2016ko abenduan. Orduan, Descendents taldeak Berri Txarrak gonbidatu zuen Hego Amerikako birarako. Lau kontzertu elkarrekin eman eta zuzenean ikusi ostean, Bill Stevensonek berak eskaini omen zuen bere burua nafarren disko berria grabatzeko. Bide hori abiapuntu hartuta heldu da Infrasoinuak, "bihotzetik eta erraietatik ateratako abesti bilduma".

Kantu zerrenda

1."Dardararen bat"

2. "Zuri"

3. "Infrasoinuak"

4. "Spoiler!"

5. "Zaldi zauritua"

6. "Beude"

7. "Hozkia"

8. "Sed lex"

9. "Katedral bat"

10. "Zorionaren lobbya"

ionaren lobbya"