Albisteak

Otsailean, Durangon

Gatibu, Glaukoma eta Su Ta Gar 40 Minutu Rock jaialdian arituko dira

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Otsailaren 24an Durangoko Landako gunean egingo duten jaialdian, besteak beste, Des-Kontrol, Revolta Permanent, Estricalla, Sermond's, Tremenda Jauria eta Las Tea Party ere aterako dira agertokira.

  • Gatibu, Plateruenan. Argazkia: Gaizka Peñafiel

    Gatibu, Plateruenan. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Durangoko Azokak ateak itxi eta batera, otsailean Landakon bertan egingo duten beste ekitaldi garrantzitsu baten berri jaso dugu. Hain zuzen ere, 2018ko otsailaren 24an 40 Minutu Rock jaialdia ospatuko dute Bizkaiko aipatu udalerrian.

Ohikoa denez, musika talde ezagunak igoko dira egun horretan Landakoko oholtzara. Datorren urteko edizioan, Gatibu, Glaukoma, Su Ta Gar, Des-Kontrol, Revolta Permanent, Estricalla, Sermond's, Tremenda Jauria, Los Zopilotes Txirriaos, Tximeleta eta Las Tea Party izango dira protagonista.

 

Eguneko jaia izango da, batik bat, nahiz eta kontzertuak berandura arte luzatuko diren. Nolanahi dela, 10:00etan irekiko dituzte Landako guneko ateak, eta orduantxe hasiko da gauerdira arte iraungo duen kontzertu maratoia.

 

Sarrerak

Aldez aurretik erosiz gero, 16 euroan daude eskuragarri sarrerak. Txarteldegian, berriz, 19 euroko prezioa izango dute.