Albisteak

Astebururako proposamenak

Disko berrien aurkezpenek leku garrantzitsua beteko dute kontzertuen agendan

LUZIA ZUGADI | eitb.eus

Besteak beste, Lauroba, Delorean, Keu Agirretxea, Rafa Rueda, Anari, Audience, Libe, Glaukoma eta Huntza arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Libe Donostiako Dabadaban egongo da ostiralean disko berria aurkezten, eta horixe berori egingo du Deloreanek Hernanin.

Gainerako emanaldi aipagarrienak ere Gipuzkoak hartuko ditu. Hondarribian, adibidez, Borrokan eta Inoreneroni igoko dira Psilocybenea aretoko oholtzara; Itziarren, Keu Agirretxea eta Jon Gurrutxaga aterako dira agertokira; eta Rafa Ruedaren abesti berrienak entzungo dira Tolosan.

 

LARUNBATA

Etsaiakeroakek Alegia harrapatuko du larunbatean. Gipuzkoatik mugitu gabe, Raitx, Yo Ciervo, Rock Kam Broom eta Lauroba taldeek Donostian emango duten kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu. Eta ezin esan gabe utzi Bidehuts Gaua antolatu dutela larunbaterako hiriburuan; besteak beste, Anari, Audience, Joseba Irazoki eta Lisabö izango dituzte gonbidatu (sarrerak agortuta daude).

Araban ere egongo da zer entzun. Batetik, Rafa Rueda eta Igor Arzuaga musikarien bisita jasoko du Amurriok, eta, bestetik, Liberen emanaldi akustikoak bustiko du Gasteiz.

Rafa Ruedak ez du larunbatean atsedenik hartuko, eta mungiarraren lan berriko kantuak Bilboko jarraitzaileen belarrietara helduko dira egun horretan.

Dena dela, Atarrabiak hartuko du eguneko hitzordu garrantzitsuenetakoa. Han, Hatortxu Rock jaialdia egingo dute, Gatillazo, Glaukoma, Los Zopilotes Txirriaos, Rude Pride, Soziedad Alkoholika eta Skakeitan taldeekin.