Albisteak

Emanaldia

Agortu egin dira Berri Txarraken BECeko kontzerturako pistako sarrerak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Sarreren salmenta abiada bizian doala ikusita, edukiera handitzea erabaki dute. Hala, Bizkaia Arenan joko dute martxoaren 17an, eta harmailetarako sarrerak prezio berean (17 euro) salduko dituzte.

Euskal Herrian kontzertu bakarra iragarri du Berri Txarrak taldeak 2018rako. Hala, etxetik urrutiratu gabe talde nafarra oholtzan ikusi nahi dutenek aukera bakarra izango dute datorren urtean. Hain zuzen, Barakaldoko BEC erakustazokan izango da kontzertu esklusibo hori, martxoaren 17an, baina, besteak beste, Bartzelonan eta Madrilen ere aurkeztuko dituzte Infrasoinuak diskoko kantuak.

Aspaldi iragarri zuten itzela izango zela Barakaldoko emanaldia, eta badirudi jarraitzaileek azkar harrapatu zutela mezua. Izan ere, hilabeteko epean agortu egin dira BECeko zuzenekorako pistako sarrera guztiak. Hori horrela, edukiera handitzeko erabakia hartu dute, eta Bizkaia Arena pabiloian arituko direla eman dute jakitera, sare sozialen bidez. Bertara joan nahi dutenek harmailetarako sarrerak baino ez dituzte eskuragarri, "Infrasoinuak esperientzia"rako sarrera bereziak ere agortuta baitaude.

Aipatzekoa da, halaber, 17 euroko prezioa izango dutela harmailetarako sarrerek abenduaren 26ra arte. Hortik aurrera, garestitu egingo dituzte, eta soberan geldituz gero, 25 euroan egongo dira salgai txarteldegian.