Albisteak

2017ko onena

"Pixkana", "Despacito" abestiaren euskarazko moldaketa, urteko bideo ikusiena Gaztean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Bideoklipak, abestien moldaketak edota Korrikan jasotako irudiak dira protagonista 2017an Gaztean gehien ikusi diren bideoen artean.

Lau egun besterik ez dira geratzen urteari amaiera emateko, eta Gaztean ohikoa den bezala, urteko eduki ikusienen errepasoa egin dugu, jarraitzaileen arreta zerk bereganatu duen jakiteko, batik bat.

Hala, bideoen atalean, LarruSketchek egindako "Despacito" abesti sonatuaren "Pixkana" moldaketa izan da ikusiena. Oihan Vegaren, Oihan Morenoren, Asier Burgueteren, Lorea Iribarrenen eta Haritz Morrasen laguntza izan zuen bideoklip horretan LarruSketchek. Ia 35.000 bisita jaso ditu bideo horrek, Gatiburen "Aske maitte, aske bizi" bideoklipak baino 5.000 gehiago. Izan ere, Alex Sarduik eta taldekideek Izarorekin batera grabatutako bideoklip ezaguna 28.000 aldiz ikusi dute Gazteako erabiltzaileek.

Gatibu taldearen "Aske maitte, aske bizi"

Hirugarren lekuan sailkatu da Korrontzi taldeak trikitrixa doinuekin egindako "Despacito" abestiaren moldaketa, eta hurrengo postua Shakiraren erritmora egindako euskal dantzen bideoak lortu du.

Euskal dantzak, Shakiraren erritmora

Norusky22 Yotubeko erabiltzaileak Berri Txarraken "Oreka" kantuarekin egindako moldaketa ere ez da oharkabean gelditu. Hain justu ere, seigarren bideo ikusiena izan da, Zea Maysek Euskadiko Orkestrarekin abestutako "Elektrizitatea"ren aurretik.

Zea Mays eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: "Elektrizitatea"

2017an Kataluniak zeresana eman du, erreferendumaren gaiak soka luzea ekarri duelako. Hori horrela, kataluniarrei babesa emate aldera, hainbat euskal kantari Durangon batu ziren Lluis Llach-en L'Estaca kantuaren bertsio elebiduna egiteko. Bada, horixe izan da aurten Gazteako zortzigarren bideo ikusiena.

Bukatzeko, Berri Txarraken "Isiltzen banaiz" abestiarekin Izarok egindako moldaketak eskuratu du bederatzigarren tokia, eta Korrikaren bukaerak Iruñean jasotako irudirik onenek itxi dute rankinga.

Korrikaren bukaera, Iruñean