Albisteak

Data berria

Shakira ekainaren 30ean arituko da Barakaldon

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Azaroko kontzerturako eskuratutako sarrerak erabili ahal izango dituzte jarraitzaileek. Nolanahi dela, baten batek sarrera itzuli nahi badu, urtarrilaren 17tik aurrera jaso ahal izango du dirua.

Live Nationek azken orduan iragarri du Shakirak 2018an helduko diola berriro "El Dorado World Tour" birari, eta, horrenbestez, duela hilabete inguru atzeratutako kontzertuak datorren urteko udan emango dituela.

Hala, ekainaren 30ean harrapatuko du Barakaldo. Aipatutakoa, ostera, ez da Espainiako Estatuan eskainiko duen emanaldi bakarra izango. Uztailaren 1ean, adibidez, A Coruñan arituko da; hilaren 3an, Madrilen, eta uztailaren 6an eta 7an, Bartzelonan.

Zuzeneko horietara sartzeko, aurretik eskuratutako sarrerak erabili ahal izango dituzte jarraitzaileek. Nolanahi dela, baten batek sarrera itzuli nahi badu, urtarrilaren 17tik aurrera jaso ahal izango du bueltan dirua. Horretarako, sarrera erosi zuen leku berera jo beharko du.

Shakiraren osasun egoera

Une zailak bizi izan ditu azkenaldian Shakirak, baina ahotsa erabat berreskuratzeko bidean da orain. Sendagileek esan diotenez, hurrengo hilabeteak lanean igaro beharko ditu, ahots-kordak osatzeko, eta, ondorioz, bira abiatzeko orduan baldintza hoberenetan egon daitezen.

Hasiera batean burumakur agertu zen Shakira hainbat zuzeneko bertan behera uzteagatik, baina irribarretsu dago berriz abeslari kolonbiarra, udan agertokietara itzuliko dela jakin ostean. Era berean, esker oneko azaldu da jarraitzaileekin, azken horiek erakutsitako leialtasun, pazientzia eta babesagatik.