Albisteak

Lehenengo edizioa

Turmalina jaialdi berria ekainean iritsiko da Iruñeko Zitadelara

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Sidonie, Carlos Sadness, Depedro, La Habitación Roja eta Mamu eta Eme disko-jartzaileak arituko dira aipatu jaialdiaren lehenengo edizioan. Hamahiru urtetik beherakoak doan sartuko dira.

2018ko ekainaren 9an Turmalina jaialdiaren estreinako edizioa hartuko du Iruñeko Zitadelak. Han, Sidonie, Carlos Sadness, Depedro, Jenny and The Mexicats, La Habitacion Roja eta Mabu eta Eme disko-jartzaileak arituko dira. Helburua da ikuslegoak musikaz, ardoaz, gastronomiaz eta tendentzia berriez gozatzea. Horretarako, hainbat kontzertu egongo dira, formatu akustikoan zein elektrikoan, 12:30etik 01:00a arte.

Emanaldiak bi agertoki txikitan banatuko dituzte, eta artistaren eta publikoaren arteko gertutasuna izango da jaialdiaren ezaugarri nagusienetako bat. Hain zuzen ere, adin tarte guztiei zuzendutako festibala izateko asmoarekin jaio da. Hori horrela, hamahiru urtetik beherakoek doan sartzeko aukera izango dute, betiere, pertsona heldu batekin badoaz.

Sarrerak

Dagoeneko salgai daude sarrerak. Gaur bertan eskuratzen dutenek 25 euroko (+ banaketa gastuak) abonamendu berezia eros dezakete. Bihartik aurrera 30 euroan egongo dira eskuragarri sarrerak. Gainera, Gastro Pack abonamenduak 3 pintxo eta bi ardo hartzeko aukera emango dio bisitariari. Horrek 40 euro balio du.

Sarrerak jaialdiaren webgune ofizialean edota Ticketmaster sarean daude eskuragarri.