Albisteak

Auzia

Radioheadek auzitara eraman du Lana del Rey, ustez "Creep" abestia kopiatzeagatik

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Lana Del Reyk esan du salaketa jaso ostean egile-eskubideen % 40 eskaini ziela taldekideei, baina eskaintza hori atzera bota eta Radioheadek % 100 eskatu ziola adierazi du.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Urtea ezusteko albiste batekin hasi du Lana Del Rey abeslariak. Radiohead rock talde ingelesak salaketa jarri du kantari estatubatuarraren aurka, ustez "Creep" abestia kopiatzeagatik. Lana del Reyk berak eman du berria The Sun egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Bertan ukatu egin du "Creep" kantua estudioko azken diskoan (Lust for Life) jasotako "Get Free" abestiaren inspirazio iturri denik. Alabaina, 1992an Radioheadek aurkeztutako kantuaren gitarra akordeek badute "Get Free" kantuarekin parekotasunik.

Ildo horretan, Lana Del Reyk esan du salaketa jaso ostean egile-eskubideen % 40 eskaini ziela taldekideei, baina eskaintza hori atzera bota eta Radioheadek  % 100 eskatu ziola adierazi du.

"Taldearen abokatuak oso zorrotzak izan dira. Horrenbestez, epaitegietan konponduko dugu auzia", gaineratu du Twitter bidez Lana del Reyk.

AFP agentzia, bere aldetik, Radioheaden bozeramaile batekin hitz egiten saiatu da, baina azken horrek ez du adierazpenik egin nahi izan.