Albisteak

Agurra eta omenaldia

Porco Bravok agertokiak utziko ditu aldi baterako, Pulpofesten aritu ostean

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Asier Martinez Mintegi taldeko gitarra-jotzailea zenaren omenezko Pulpofest jaialdian hartuko dute parte otsailaren 17an, eta atsedenaldi mugagabea hartuko dute ondoren.

Otsailaren 17an omenaldia egingo diote Bilboko Santana 27 aretoan Asier Martinez Mintegiri, Porco Bravo taldeko gitarra-jotzailea zenari. Iazko otsailaren 16an zendu zen Pulpo Busturian, taldean bertan zein rock musikaren munduan hutsune izugarria utzita.

Urtebete geroago, Porco Bravok iragarri du Pulpofest jaialdia ospatuko dutela taldekide izandakoaren omenez, eta, ondoren, agertokiak utziko dituztela aldi baterako.

Lehenengo albisteari dagokionez, tadeak jakinarazi du Bizkaiko hiriburuko omenaldian ez direla bakarrik egongo, Motociclon talde madrildarra, Desakato asturiarra eta The Riff Truckers bizkaitarra ere arituko baitira Pulpofesten.

Bestalde, aipatutako hori Porco Bravoren azken kontzertua izango dela adierazi dute. Dirudienez, atsedenaldi mugagabea hartzea erabaki dute, azkenaldian ehunka kontzertu eman ostean eta hamarkada batez lan eta lan aritu ondoren.

"2007az geroztik ez dugu inoiz geldialdirik egin. Urte gogorrak izan dira, trantze txarrak izan ditugulako. Gelditzeko unea da, denbora luze honetan lortutako guztiari buruz gogoeta egiteko tenorea. Gainera, guretzat etapa baten bukaera da, eta espero dugu atsedenaldi hau pasarte berri baten hasiera ere izatea", esan dute.

Otsailaren 17ko kontzertuari buruz ere mintzatu dira: "Laguntasuna, elkartasuna, errespetua eta rock and rolla arnastu nahi dugu. Pulporen eta Porcoren lagun guztiek bat egitea eta data berezi horretaz disfrutatzeko aukera izatea da gure helburua".

Sarrerak

Kontzertu horretarako sarrerak Porco Bravoren webgune ofizialean daude eskuragarri, 16 euroan. Txarteldegian 20 euroko prezioa izango dute.

dute.