Albisteak

Disko berria

Ostiral honetan iritsiko da Travellin' Brothersen lan berria

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Hamar kantu jaso dituzte '13th Avenue South' estudioko zortzigarren lanean, Robert Johnson omentzen duen abesti bat tartean.

Leioako Travellin' Brothers seikoteak 13th Avenue South diskoa argitaratuko du bihar. Brad Jones musikari eta ekoizlearekin grabatu dute lan berria, AEBn.

Taldearen estudioko zortzigarren diskoa izango da aipatutakoa, eta Magnolia Records zigiluaren eskutik helduko da. Guztira, hamar abesti jasoko ditu; horietatik bederatzi berriak eta originalak dira, eta hamargarrena, berriz, Robert Johnsoni egindako omenaldia da.

Taldekideek esan dutenez, aspaldiko teknikak erabilita grabatu dute 13th Avenue South, alegia, guztiek batera hartu dute parte prozesuan, baita abeslariak ere. Horretarako, Alex The Great Recording estudioetara jo dute. Nahasketa lanak, berriz, Jim DeMainen esku geratu dira, Yes Master Studiosen.

Aipatzekoa da, halaber, artista askok egin diotela ekarpena diskoari; besteak beste, Alex Schultz gitarra-jotzaile newyorktarrak, Earl Thomas eta Etta Britt abeslariek eta Brad Jones berak ere.