Albisteak
Agurra
Lauroba taldea ikusteko azken aukera
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Larunbat honetan emango dute azken kontzertua, Donostian. Hunkigarria eta berezia izango da aipatu hitzordua.
Sare sozialen bidez eman zuten jakitera albistea. Lauroba taldeak desagertzeko erabakia hartu du. "Beti omen dago agur esateko une bat, bideei bukaera emateko momentu bat, eta guri iritsi zaigu jada. Gustura egingo genuke aurrera, baina oso zaila egiten zaigu gure musika era duin batean zabaltzen jarraitzea", adierazi zuten duela aste batzuk.
Hamalau urteko ibilbidea egin ostean, beraz, bere jardunari bukaera ematea erabaki du Laurobak. Berba horiekin eta jarraitzaileei eskerrak emanez utziko dituzte agertokiak. "Ederra izan da zuek, oholtzetan bidelagun izan zareten horiek, ezagutu izana", esan zuten oharrean.
Agur esan aurretik, baina, "Agur" abestia argitaratu zuten. Gainera, larunbat honetan Donostiako Doka antzokian arituko dira. Hantxe esango diete agur zaleei, oso berezia eta hunkigarria izango den emanaldi batean.