Albisteak

Kontzertuak

Izaroren 'Eason' bira, hastear

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Bilbon eskainiko du ostegun honetan birako lehendabiziko kontzertua. Hurrengo egunean Donostian arituko da. Bigarren emanaldi horretarako ez da sarrerarik geratzen.

Egun gutxi igaro dira Izarok Eason diskoa argitaratu zuenetik, baina baten batzuek ondo ikasiak dituzte jada abeslari mallabiarraren abesti berriak.

Aste honetan bertan abiatuko du aurkezpen bira, Bilbon, hain zuzen ere. Bizkaiko hiriburuko zuzenekoa ostegunean emango du Arriaga Antzokian. Egun bat geroago, Donostiako Victoria Eugenia bisitatuko du, eta martxoaren 16an Iruñeko Zentral aretoan du hitzordua. Arabarrek ere izango dute Izaro zuzenean ikusteko aukera, baina lehenago Madrilen arituko da. Hain zuzen ere, martxoaren 23an harrapatuko du Madril, eta 24an iritsiko dira Gasteizera Eason diskoko kantuak.

Emanaldi horien ostean, Galizia aldera joango da Belako taldekoekin batera. Guztira, hiru zuzeneko eskainiko dituzte elkarrekin: Vigon, Santiago de Compostelan eta Coruñan. Bartzelonan egingo du birako azken geldialdia apirilaren 13an.

Maiatzerako utzi ditu Azpeitiko eta Berrizko hitzorduak. Maiatzaren 4an helduko da Sanagustin Kulturgunera, eta egun bat geroago, maiatzaren 5ean, Berrizko Kultur Etxera.