Albisteak

Loraldia jaialdia

Ruper Ordorikaren abestiak taularatuko dituzte Bilbon hainbat euskal musikarik

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ken Zazpi, Petti Balerdi Balerdirekin, Ixiar Oreja, Mikel Uraken eta MICE dira abesti horiek "azukre koskor" bilakatzeaz arduraturako diren artistak. Zuzenekoa martxoaren 14an izango da.

Loraldia jaialdiak Dabilen harriari so, azukre koskorrak Ruper Ordorikarentzat ikuskizuna hartuko du martxoaren 14an. Lagunarteko hitzordu erakargarria egingo dute egun horretan Bilboko Kafe Antzokian, hainbat euskal musikarik kantari oñatiarraren abesti berezienak taularatuko baitituzte bertan.

Hain zuzen ere, Ken Zazpi, Petti Balerdi Balerdirekin, Ixiar Oreja, Mikel Uraken eta MICE arduratuko dira abesti horiek "azukre koskor" bilakatzeaz. Gainera, Bernardo Atxagak eta Fermin Etxegoienek hartuko dute parte emanaldian, ikusleak Ruperren unibertsoan barneratzeko asmoarekin. Horretarako, haren bizitzari eta musika ibilbideari buruzko pasarte garrantzitsuak kontatuko dituzte.

"Zaindu maite duzun hori", "Hamabostean behin", "Ene begiek", "Martin Larralde", "Halako gau batez" eta "Hargiñenean" kantu ezagunak entzuteaz gain, ezustekoren bat edo beste jasoko dute Ruper Ordorikaren jarraitzaileek.

Sarrerak

20:30ean zabalduko dituzte Kafe Antzokiko ateak, eta 21:00etan hasiko da zuzenekoa. Sarrerak hemen eskura daitezke.