Albisteak

Martxoaren 16tik 24ra

Glaukomak eta Joseba B. Lenoirrek irekiko dute Deustuko jaietako kontzertu-zikloa

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Sustrajah Band reggae talde lekeitiarra ere izango da ostiral honetan Deustun. Reimyk, Empty Filesek, Skakeitanek eta Anita Parkerrek osatu dute aurtengo kontzertuen egitaraua.

Uda iristeko asko falta bada ere, udaberria ate-joka dugu jadanik, eta horrekin batera iritsiko dira Euskal Herriko aurreneko festak. Martxoan, oraindik, herri gutxitan egiten dira jaiak, baina toki batzuetan goiztiarragoak dira; adibidez, Bilboko Deustu auzoan.

Hain zuzen ere, ostiral honetan botako dute txupina bertan, eta lehen egun horretarako kontzertu-zaparrada iragarri dute antolatzaileek. 22:00etatik aurrera, Glaukoma, Sustrajah Band eta Joseba B. Lenoir igoko dira txosnen guneko oholtzara. Larunbatean, berriz, Reimyren txanda izango da.

Hurrengo astean parranda errepikatzeko aukera izango dute deustuarrek. Hala, martxoaren 23an, Empty Files, Skakeitan eta Anita Parker arduratuko dira txosnak girotzeaz, 22:00etan hasita.

Larunbatean, A Gaultier musika-jartzaileak bisitatuko du Deustu.