Albisteak

Kontzertuen agenda

Disko aurkezpenak nonahi, euskal taldeen eskutik

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, Bi Bala, La M.O.D.A., Vendetta, Liher, Revolta Permanent, Reincidentes eta Izaro arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

  • Vendetta. Argazkia: Gaizka Peñafiel

    Vendetta. Argazkia: Gaizka Peñafiel

Inun bakarlariaren kantuek hartuko dute gaur Bilboko Kafe Antzokia.

OSTIRALA

Anarik, Nuria Grahamek eta Joana Serratek Bilboko Mitxelena aretoa bisitatuko dute ostiralean. Bizkaiko hiriburuan bertan, Deustun, Anita Parker, Skakeitan eta Empty Files igoko dira oholtzara.

Bestalde, Bi Bala eta Koban arituko dira Elorrion; The Guilty Brigade, The Fridays Crew eta Bultz, Iruñean, eta Liher, Legorretan.

LARUNBATA

Azpeitian egingo dugu larunbateko lehenengo geldialdia. La M.O.D.A. taldearen abesti arrakastatsuenak entzuteko aukera izango dute bertan Sanagustin kulturgunera joaten direnek.

Gipuzkoatik mugitu gabe, Bon Scott Revival Show ikuskizunarekin egingo dugu topo. Donostian izango da emanaldia, Doka aretoan.

Handik ez oso urruti, Tolosan, Inoren Ero Ni eta Rukula aterako dira agertokira.

Dena dela, Nafarroa aldean iragarri dituzte larunbateko zuzeneko gehienak. Iruñean, adibidez, Vendetta taldeak agur esango die jarraitzaileei, eta, Terminal aretoan, Liherren doinuak barreiatuko dira. Leitzan, berriz, Revolta Permanent eta Irkaia gonbidatuko dituzte Atekabeltz gaztetxera.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi Reincedentesek Bilbo harrapatuko duela, eta Izarok Eason disko berriko abestiak aurkeztuko dituela Gasteizen.

IGANDEA

Igande eguerdian, Oñati girotuko du Audience talde gernikarrak.