Albisteak

Bigarren edizioa

'Uni Sound Bilbao' ekimenak unibertsitateko ikasleen musika taldeak sustatuko ditu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Apirilaren 11tik 14era, Bilboko zenbait aretotan eta EHUn bertan, 14 eta 35 urte bitarteko gazteen musika proiektuak ezagutaraziko ditu Uni Sound Bilbao ekimenak.

Funk, elektronika, indie edota rock doinuak Bilboko hainbat eremutara iritsiko dira apirilaren 11tik 14ra, Uni Sound Bilbao egitasmoari esker. Arratsaldetan eta gauetan izango dira saio guztiak, eta tokiko taldeek eta bakarlariek ez ezik, Madrilgo, Zaragozako, Alacanteko, Valentziako, Santiagoko, Vigoko, Malagako, Bartzelonako, Santanderreko eta Burdeoseko hainbat musikarik hartuko dute parte.

Bilboko Udalak jakitera eman duenez, estilo aniztasuna izango da nagusi, eta nesken parte-hartzeak leku garrantzitsua beteko du. Izan ere, Bilborockeko larunbateko saioa osotasunean emakumez osatuta dauden taldeei zuzenduta egongo da.

Ekimen honen helburua da Bilbo hiri unibertsitarioa ere badela erakustea. Hori horrela, ikuslego gaztearengana iristea izango du xede Uni Sound Bilbaok. Horretarako, EHUrekin elkarlanean arituko dira. Gainera, Burdeoseko eta Nafarroako unibertsitate publikoen laguntza izango dute.

Parte hartzeko baldintzak

Ideiak Martxanek antolatutako egitasmoa da aipatutakoa. 14 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago; adin tarte horretako edonork parte har dezake musika-zirkuitu honetan. Esan bezala, bakarka zein taldean aurkez daitezke proposamenak, betiere, parte-hartzaileetako bat Bilbon erroldatuta baldin badago.

Urte osoan zehar jasoko dituzte proposamenak www.bilbaogazte.bilbao.eus webgunean.

Kontzertuen egutegia

Apirilak 11, asteazkena

Buenas tardes Comandante (Bilbao, Shoegaze)
VVV (Madril, Postpunk)
Keniama (Bilbo. Hip Hop)

Apirilak 12, osteguna

BilbaoArte
Purple Vellocet (Bilbo, Stoner)
Los Ojos (Zaragoza, Kantabria)

20:00, Shake!
Putochinomaricón (Txina/Madrid, Electropop)
Ttun Ttun Brigade (Bergara, Electropop)
Mad Girls DJ (Madril)
Fetén DJ (Bilbo)

Apirilak 13, ostirala

19:00, Bizkaia Aretoa EHU
Las Selvas (Bilbo, Garaje)
Los Nastys (Madril, Garaje)
Wizard (Burdeos, Math Rock)

22:00, (Nave 9)
Boyanka Kostova (Galizia, Trap)
Los Manises (Alacant, CongoCore)
Pálida (Galizia, elektronika)
BSN Posse (Malaga, Dubstep)
La Trini DJ (Kanariar Uharteak)

Apirilak 14, larunbata

19:00
Lester y Eliza (Bilbo, Pop)
Fantastic Explosion (Valenctza, Psychopopper)
Hegaz (Iruñea, Rock)

21:00, Bilborock
Free The Wheel (Bilbo, Hard Rock)
Las Odio (Madril, Post Punk)
Somadantina (Bartzelona, Club)

00:00, Rocket
Esteban y Manuel (Galizia, Psicocumbia)
Alvva DJ (Donostia)
Mimoloco (Bilbo)