Albisteak

Maiatzaren 6an, elizan

Eñaut Elorrietak kontzertua emango du Urretxun, Kilometroak festa dela eta

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Maiatzaren 6an izango da kontzertua. Bertan, 'Deserriko kanta'k' diskoko abestiak taularatuko ditu, Urretxu-Zumarraga Ikastolako haurrekin batera.

Urretxuk eta Zumarragak antolatuko dute aurtengo Kilometroak, eta Gipuzkoako ikastolen aldeko festarako oraindik denbora asko falta bada ere, antolatzaileak hasi dira dagoeneko urriko hitzordurako beroketa-lanak egiten.

Hala, maiatzaren 6an Eñaut Elorrieta abeslaria gonbidatuko dute Urretxuko Tourseko San Martin elizara. 19:00etan hasiko da kontzertua, eta Deserriko kantak diskoko abestiak taularatuko ditu han. Gainera, zuzeneko berezia izango da, ikastolako abesbatzako haurrekin batera abestuko baitu.

Deserria, aberria, atzerria, bakardadea… emozio sakonei helduko die musikariak zuzeneko saioan. Horretarako, bereaz gain, hainbat idazle eta poetaren lumez baliatuko da: Joseba Sarrionandia, Joan Oliver, Mario Benedetti, Harkaitz Cano edota Bernardo Atxaga. Hitzak eta musika uztartuko dituen bidaia zoragarria.

Sarrerak

Sarrerak 10 euroan eskuratu daitezke Urretxu-Zumarraga Ikastolan, Kilometroetako dendan eta honako tabernetan: Urretxuko Zona Zero eta Motz, Zumarragako Arkupe, Legazpiko Katilu, Beasaingo Plazape, Bergarako Pol Pol eta Oñatiko Txaketua eta Boga.

'Harian' proiektu berria

Bestalde , abeslari bizkaitarrak iragarri berri du udazkenean argitaratuko duela 'Harian' proiektu berria. raingoz, ezer gutxi aurreratu du lan horren inguruan.

`