Albisteak

Agurra

Bi Bala taldeak agertokiak utziko ditu

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Sare sozialen bidez jakinarazi dute ez dutela zuzeneko gehiagorik emango. Litekeena da jarraitzaileak agurtzeko kontzertu bereziren bat ematea, baina oraindik ez dute zehaztu hala izango den ala ez.

Ataungo Aitzol Barandiaran eta Orioko Iñaki Gurrutxaga bertsolariek sortu zuten Bi Bala rock taldea duela bost urte inguru. Orduantxe heldu zen taldearen lehendabiziko kontzertua: 2013ko apirilaren 26an.

Autoekoizpenaren bidetik iritsi zen geroago (2014an) Wasabi estreinako lana. Urtebete beranduago Gure eroyak argitaratu zuten Bonberenea Ekintzakekin, eta egindako lanarekin gustura geratu zirenez, 2017an elkarlana errepikatu zuten Arazo modernoak diskoa kaleratzeko.

Dena dela, bost urte musikaren munduan lanean aritu ostean, agurtzeko erabakia hartu dute. Halaxe iragarri dute sare sozialen bidez: "Duela bost urte, gaurko egunez eman genuen gure lehenengo kontzertua, Bergarako gaztetxean. Urtemuga ezin aproposagoa da, beraz, Bi Bala taldearen agurra iragartzeko. Uztera goaz. Eskerrik asko bost urte hauetan lagun izan zaituztegunoi". Hitz horiekin agurtu dituzte jarraitzaileak.

Bestalde, gaineratu dute Lazkaon gaurko hitzartuta zuten kontzertua ezingo dutela eman, taldekide batek istripua izan duelako. Hori horrela, zalantzan jarri dute agur-kontzerturik egongo den ala ez.