Albisteak

Bira

Hesian taldeak lau kontzertu emango ditu uztaila baino lehen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Maiatza eta ekaina bitartean Derio, Azpeitia, Mungia eta Arantzazu harrapatuko dituzte, eta disko berria izango denari itxura ematen arituko dira.

Denbora darama Hesian taldeak kontzerturik eman gabe, baina Zuriñe Hidalgo abeslaria agertokira ateratzeko gogotsu agertu da azkenaldian sare sozialetan. Hala, iritsi dira, azkenik, maiatzean eta ekainean eskainiko dituzten emanaldien iragarpena.

Datorren asteburuan, maiatzaren 12an, hain zuzen, Derioko festak girotzen izango da talde nafarra. Astebete geroago, hilaren 19an, Azpeitian dute hitzordua.

Ekainerako beste bi zuzeneko hitzartu dituzte: lehena, Mungian, hilaren 28an; bigarrena, berriz, Arantzazun (Bizkaia), ekainaren 29an.

Ordura arte, entsegu-lokalean eta estudioan igaroko dituzte orduak. Izan ere, disko berria izango denari forma ematen dabiltza orain. Juan Blas ekoizle madrildarra lagun dutela, abesti berriak sortzen dabil Hesian.