Albisteak

Maiatzaren 18an

Gatibu Tafallan arituko da ostiral honetan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Kube aretoan izango da kontzertua, maiatzaren 18an. Sarrerak 15 euroan daude eskuragarri.

Gelditu gabe dabil azken asteotan Gatibu taldea. Kontzertu arrakastatsuak izan dira guztiak, jendez lepo egon baitira Gipuzkoan zein Bizkaian eman dituen zuzenekoak.

Jarraitzaileen harrera beroaz jabetuta, udaberriko asteburuetan oholtzarik oholtza ibiltzeko asmoa erakutsi du talde bizkaitarrak. Hala, ostiral honetan, kontzertu berri bat eskainiko dute; kasu honetan, Tafallako Kube aretoan. Valentziako Mal Sujeto taldearekin batera arituko dira bertan.

Sarrerak

Sarrerak eskuragarri daude, aspalditik, Tafallako Txalupa tabernan, Larragango Ibiza tabernan, Faltzesko Garmendi tabernan, Mirandako Carranzan eta sarean (Gatiburen webgune ofizialean).

Aurre-salmentan, 15 euroan daude eskuragarri; txarteldegian, berriz, 18 euroko prezioa izango dute.