Albisteak
Larunbatean
Gasteiz, Belako taldearen hurrengo geralekua
LUZIA ZUGADI | EITB.EUS
Bilbo eta Iruñean aurkeztu dute dagoeneko 'Render Me Numb, Trivial Violence' disko berria. Euskal Herritik kanpo ere ibili dira, eta Gasteiz bisitatu ostean, Madril harrapatuko dute.
Duela hiru hilabete argitaratu zuen Belakok Render Me Numb, Trivial Violence estudioko disko berria. Telebistak zabaldutako indarkeria mota ezberdinen aurrean gizarteak duen jarrera bihozgabeari buruz hitz egiten du lan ausart horrek. Hain zuzen ere, besteak beste, genero indarkeria, errefuxiatuen eta etorkinen blokeoa eta alderdi politikoen ustelkeria aferak ditu ardatz diskoak. Askotan etxetik urruti, etorkizun ezezagun batengatik borrokatzen den belaunaldi baten ikuspegitik landu dituzte abestiak.
Iazko udazkenean Errusia, Japonia, Hego Korea, Mexiko, AEB, Alemania, Erresuma Batua eta Eskozia harrapatu ostean, Espainiako Estatutik bira luzea egiten dabil orain talde mungiarra.
Bilbon eman zuten lehendabiziko kontzertua. Gerora iritsi zen Iruñeko zuzenekoa, eta larunbat honetan Gasteizko Jimmy Jazz aretoa bisitatzeko asmoa daukate.
Maiatzak 17, Lleida
Maiatzak 18, MONZON
Maiatzak 19, GASTEIZ
Maiatzak 25, MADRIL
Maiatzak 26, SANTANDER
Ekainak 16, DONOSTIA
Ekainak 22,23,24, Mocanu Fest jaialdia (VIANA)