Albisteak

Uztailaren 14tik 27ra

Doctor Deseo, Zea Mays eta Hesian, Zornotzako jaietan

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Reincidentes, Inun, Guda Dantza, Itaca Band, Ruper Ordorika eta Batek Daki ere Zornotzan izango dira uztailaren 14tik 27ra.

Uztailaren 14an hasi eta 27an bukatuko dira Zornotzako Karmen jaiak, eta gazte zein helduentzako musika egitarau zabala prestatu dute egun horietarako.

Lehenengo egunean, adibidez, Doctor Deseo eta Zirkinik Bez taldeak igoko dira oholtzara. Hurrengo egunean, Los Panchosen abestiak entzungo dira Zornotzan, baita Wicked Wizzard eta Reincidentes taldeenak ere. Gustu guztiak asetzeko adina kontzertu egongo dira, beraz.

Hilaren 16an, Alain Concepcionen txanda izango da, eta Guda Dantza eta Itaca Band arduratuko dira festak girotzeaz uztailaren 17an.

Hurrengo egunetan ere ez da zuzenekorik faltako. Hilaren 18an, esaterako, Ruper Ordorikak hartuko du lekukoa, Puro Relajok agertokia harrapatu baino egun bat lehenago, hain zuzen.

Ostirala izanda, festazale asko bilduko dira uztailaren 20an Zornotzan. Ordurako iragarri dituzte Inunen, Zea Maysen eta Adriana Gaulteri disko-jartzailearen emanaldiak.

Bukatzeko, larunbatean, Hesian eta Batek Daki arituko dira, eta Havana 537 arduratuko da jaiei amaiera emateaz, uztailaren 27an.