Albisteak

Ekainaren 1ean eta 2an

Ostiralean irekiko ditu ateak Eibarko Ez Dok Fest jaialdiak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ostiraleko sarrerak 25 euroan daude salgai; larunbatekoak, berriz, 30 euroan. Bi eguneko bonua 49 euroren truke eskura daiteke. Jaialdia ostiralean eta larunbatean egingo dute Unbe kirolgunean.

Eibarreko Ez Dok Fest jaialdiaren estreinako edizioa iristear da. Unbe kirolgunean bi eguneko kontzertu-zikloa egingo dute, eta Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko talde ezagunak arituko dira bertan.

Hain zuzen ere, ostiral eta larunbat honetan hartuko ditu Gipuzkoako aipatu udalerriak Toundra, Belako, Viva Belgrado eta Berri Txarrak taldeen zuzenekoak.

Duela egun batzuk hirukote nafarraren emanaldiarekin itxi zuten lehenengo edizio honetako egitaraua, eta geroago zehaztu zuten zein izango den kontzertuen egunez eguneko banaketa.

Hala, ostiralean, Toundra, Belako, Nerabe, Joseba B. Lenoir, Dead Bronco, Jardin de la Croix, Viva Belgrado eta Vulk igoko dira agertokira.

Bigarren egunean, larunbatean, berriz, Berri Txarrak, Comité Electrico, Doblecapa, Mud Candies, The Soulbreaker Company, Melange, Kokein, Futuro Terror, Biznaga eta Cuchillo de Fuego taldeen txanda izango da.

Sarrerak

Sarrerak jaialdiaren webgune ofizialean eros daitezke, baita Ezdok tabernan ere.

Bonuak 49 euroan daude salgai (+ banaketa gastuak). Hasiera batean ez zuten eguneko sarrerarik jarri, baina sare sozialetan hainbat kexa jaso ostean, 25 euroan salduko dituzte ostiraleko sarrerak, eta 30 euroan, larunbatekoak.