Albisteak

Ekainaren 23an

Rural Zombies, Travellin' Brothers eta Nerabe Donostian, Musikaren Eguna girotzen

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Ekainaren 23an egingo dute ospakizuna Gipuzkoako hiriburuko Loiola kalean, eta Raitx, Sabin, Dr. Maha's Miracle Tonic eta Nothing Box arituko dira bertan.

Ekainaren 23an, Musikaren Eguna ospatuko dute Donostian, Fnac, DKluba, Ginmusica eta Keler etxeen eskutik. Horretarako, kontzertuz girotuko dute Gipuzkoako hiriburua, aurreko urteetan bezala.

Loiola kalean (Arrasate kalearen izkinan) izango dira emanaldi guztiak. Hain zuzen ere, Raitx, Sabin, Dr Maha's Miracle Tonic, Nothing Box, Nerabe, Travellin' Brothers eta Rural Zombies arituko dira bertan, ekaineko azkenaurreko larunbatean.

Zortzi urte beteko ditu aurten ospakizun honek, eta, antolatzaileek gogora ekarri dutenez, iaz 5.000 lagun inguru bildu zituen Musikaren Egunak.

2011n egin zuten estreinako edizioa, eta, harrezkero, besteak beste, El Columpio Asesino, Bigott, Los Coronas, Lauroba, Grises, Belako, Niña Coyote eta Chico Tornado, La M.O.D.A., Smile eta Iseo & Dodosound gonbidatu dituzte.

Donostiako Fnac dendak, berriz, ekainaren 16an ospatuko du Europako Musikaren Eguna. Maria Martinez, Jin Beans, Mikel Toledo, Anai eta Ibai Marin arituko dira bertan.