Albisteak

Musika Jaialdia

Kalegorrian jaialdiak musikaz jantziko du Urretxu igandean

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Besteak beste, Ainara LeGardon, Amorante, Rrucculla eta Elkano Browning Cream aterako dira oholtzara Urretxun egingo duten Kalegorrian festibalean.

  • Ainara Legardon

    Ainara Legardon

Igandean, ekainaren 3an, egun osoko musika jaialdia hartuko du Urretxuko Santa Barbara auzoak, Kalegorrian kultur elkarteak antolatuta. Orain arte bi eguneko jaialdia izan bada ere, edizio honetan egun bakarrean egingo dituzte kontzertu guztiak, 12:00etatik iluntzera arte.

Ainara LeGardon izango da agertokira igotzen lehena. Hantxe aurkeztuko du estudioko seigarren diskoa. 13:15ean, berriz, Amoranteren txanda izango da.

Arratsalderako, beste bi emanaldi iragarri dituzte. Batetik, Rruccullaren musika entzungo da Gipuzkoako aipatu udalerrian, 18:00etatik aurrera, eta, bestetik, Elkano Browning Cream arituko da 19:30ean.

Horrez gain, TxikiArt umeentzako tailerra antolatuko dute, eta DJ Beirut herria girotzeaz arduratuko da egun osoan zehar.