Albisteak

Barricadako taldekide ohia

Bonik bertan behera utzi du bira osoa, laringeko minbizia duelako

ERREDAKZIOA | EITB.EUS

Barricada taldean abeslari eta gitarra-jotzaile izandako Javier Hernandez 'Boni' musikariak baieztatu du tratamendua egitea dela orain bere lehentasuna, eta eskerrak eman ditu jasotako babesagatik.

Barricada taldean 1982tik 2013ra (hasieratik bukaerara, alegia) aritutako Javier Hernandez 'Boni'k iragarri du laringeko minbizia duela, eta, ondorioz, bertan behera utziko duela bira osoa.

"Jota nago gertatutakoagatik. Une honetan daukadan esperientzia emozionala bizitzan izan dudan okerrena da. Barricada taldean aritzea, bakarkako ibilbideari ekitea, diskoak grabatzea eta 36 urte agertoki gainean ematea izan da nire bizitza. Ezin dut imajinatu etorkizuna horren parte izan gabe, baina orain ez dut beste aukerarik", azaldu du musikariak ohar baten bidez.

Maiatzaren 18an bertan behera utzi behar izan zuen Granadan eskaintzekoa zuen emanaldia, "osasun arazoak" argudiatuta. Hainbat osasun-azterketa egin ostean, albisterik okerrena jaso zuen: eztarriko arazoak minbizi baten ondorio ziren.

Hori dela eta, jarraitzaileei barkamena eskatu die "Requien" biraren bat-batean bukatzeagatik, eta eskerrak eman dizkie jasotako "babesagatik eta ulermenagatik". Sendagileek agindutako tratamendua egitea dela orain bere lehentasuna gaineratu du.

"Ezin dut etorkizunaz hitz egin, emaitzak jakin gabe, baina baikor agertuko naiz eta ez naiz nekatuko urte hauetan jaso dudan indarra eskertzen. Borrokari eutsiko diot", esan du Bonik.