Albisteak

Berrargitalpena eta bira

Anestesiak 'Gorrotoaren Ahotsa' diskoaren 25. urtemugako bira aurkeztu du

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

1993an argitaratu zuten zarauztarrek iraupen luzeko lehendabiziko proiektua. Hori ospatze aldera, diskoaren argitalpen berezia kaleratu eta kontzertu bira emango dute.

Hogeita hamar urte igaro dira Anestesia metal taldea jaio zenetik. Zarauztarren estudioko lehendabiziko lan luzea, ostera, bost urte geroago iritsi zen. Hain zuzen ere, 1993an argitaratu zuten Gorrotoaren Ahotsa. Hogeita bost urte bete ditu, beraz, diskoak, eta taldeak handitasunez ospatuko du berorren mende laurdena.

Horretarako, aipatu diskoaren argitalpen berezia kaleratuko dute; 180 gramoko binilo formatuan, birmasterizatua eta diseinu berri batekin.

Gainera, handikiro zabalduko dituzte lan horretako abestiak jarraitzaileen artean. Izan ere, irailetik urtarrilera arte sei kontzertu emango dituzte Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Irailaren 15ean, esaterako, Bilboko Kafe Antzokia bisitatuko dute. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko.

Urrian, berriz, Gasteizko gaztetxea harrapatzeko asmoa dute, eta azarorako gorde dute Donostiako Doka aretoko emanaldia. Urtea bukatu orduko, Iruñea eta Durango astinduko dituzte; abenduaren 1ean eta 8an, hurrenez hurren.

Bukatzeko, urtarrilaren 19an Miarritzen dute hitzordua, Atabal aretoan.

Kontzertuak:

Irailak 15 , Bilboko Kafe Antzokia (+Dama).

Urriak 20, Gasteizko gaztetxea

Azaroak 3, Donostiako Doka aretoa (+ Hilotz)

Abenduak 1, Iruñeko Errotxapeako gaztetxea

Abenduak 8, Durangoko Plateruena Kafe Antzokia

Urtarrilak 19, Miarritzeko Atabal aretoa