Albisteak

Musika, Euskal Herrian

Eskaintza zabala dakar asteburuko kontzertuen agendak

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Besteak beste, The Fridays Crew, Def Con Dos, Patxuko Nice, Egurra ta Kitto, La Basu, Cobra, The Riff Truckers, Nogen, Inun eta Mice arituko dira asteburuan Euskal Herrian.

OSTIRALA

Izaroren gozotasunak bustiko du Andoaingo Bastero Kulturgunea ostiralean. Azpeitian, Txalainak, The Potes eta The Friday's Crew arituko dira, eta Donostiako Herrera auzoko jaietan, Dosis Gray, Reincidentes eta Def Con Dos. Gainera, Gipuzkoako hiriburuan Mikel Laboaren omenezko kontzertua emango dute hainbat euskal musikarik.

Gainerako emanaldi esanguratsuenak Bizkaian iragarri dituzte, Eli Paperboy Reed and The High & Mighty Brass Bandek Gasteizen eskainiko duena salbu. Horrela, bada, Glaukoma eta Radio Revolucion arduratuko dira Bilboko Irala auzoko jaiak girotzeaz, eta Patxuko Nice bihurtuko da protagonista Sopelan, Plaza Beltza kulturgunean.

LARUNBATA

Andoainen, The Legendary Tigerman, Boss Hog, The Kill Devil Hills, The Coal Porters, Tulsa eta Birkit izango dira larunbatean. Gipuzkoatik mugitu gabe, Skakeitanek eta Nogenek Aretxabaletan emango duten kontzertuarekin egingo dugu topo. Horrez gain, Azpeitiak La Basu, Egurra ta Kitto eta Bad Sound Systemen bisita jasoko du.

Bestalde, The Riff Truckers (+ Eneko Mobydick), Have a Drink on Me eta Malcomers Than Youngers aterako dira Gasteizko Helldorado aretoko agertokira, eta Zaldibar udalerrian doinu ilunagoak entzungo dira, Cobraren eta Kokeinen eskutik.

IGANDEA

Iganderako plan andana proposatuko dizugu. Izan ere, Anje Duhalderen kantuek harrapatuko dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunea, Nogenek Tolosako Plaza eta Pelaxek Elgoibarko gaztetxea.

Inun musikari bizkaitarrak ere ez du etxean geratzeko asmorik. Hain zuzen ere, Berrizen aurkeztuko ditu disko berriko kantuak igandean. Horixe berori egingo du Micek Larrabetzun.