Albisteak

Proiektu berria

Arbizutik heldutako zelta doinuak, Beietz! talde berriaren eskutik

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Rock, punk, pop, ska eta folk ukituak ere badituzte abestiek, baina, batik bat, biolin, txirula eta trikitixarekin sortutako doinu zelta itsaskor eta biziak dira proiektu berri horren muina.

Arbizun jaiotako Beietz! talde berria erronka nagusi batekin dator: Euskal Herriko bazter guztiak zelta melodiekin bustitzea. Halaxe dio zazpikoteak Beietz! ezagutarazteko bidali duten oharrean. Rock, punk, pop, ska eta folk ukituak ere badituzte abestiek, baina, batik bat, biolin, txirula eta trikitixarekin sortutako doinu zelta itsaskor eta biziak dira proiektu horren muina.

Abestien letrei dagokienez, aipatzekoa da poesia iradokitzaileak, leunak edota zorrotzak iritsiko direla entzulearen belarrietara, sarritan bi aldiz irakurri edo entzun beharreko hitzak, alegia.

Skalariak taldean aritutako Peio eta Hiart eta The Trikiteenseko Josetxo dira taldekideetako batzuk.

Oraingoz, hiru kantu grabatu dituzte, Arbizuko Estudio Baten, Kaki Arkarazoren aginduetara: "Mixina Marrau", "Bihotza Gara" eta "Sinesten dizut" dira, hain zuzen, hiru abesti horiek. Masterizazio lanak Garate estudioetan egin dituzte.