Albisteak

Jaiak

Galdakaoko jaietako kontzertuak, bertako bizilagunen esku

Erredakzioa | EITB.EUS

Irailaren 8rako, La Fuga, Hesian eta Governors edo Zoo eta Revolta Permanent taldeen artean aukeratu beharko dute. Hilaren 14an, Eskorzo, Vendetta, Ainhoa Cantalapiedra edo Kaotiko igoko da oholtzara.

  • Argazkia: Gaizka Peñafiel

    Argazkia: Gaizka Peñafiel

Urtero bezala, jaietako kontzertuak hautatzeko ekimena abiatu du herritarren artean Galdakaoko Udalak. Hala, dagoeneko aipatu udalerriko bizilagunek aukera dute emanaldi gustukoenen alde bozkatzeko. Horretarako, Udalaren webgune ofizialera jo beharko dute.

Uztailaren 2an bukatuko da parte hartzeko epea. Dakizuenez, apirilean eta maiatzean jaso zituzten herritarren proposamenak, eta orain horien artean aukeraketa egitea besterik ez da geratzen.

Hala, irailaren 7rako The Buzz Lovers, Leña al mono eta Pakean Utzi Arte dira proposamenak. Nirvanaren, Leñoren eta Hertzainaken abestiak moldatzen dituzte hiru talde horiek, hurrenez hurren. Irailaren 8an, berriz, La Fuga, Hesian eta Governors edo Zoo eta Revolta Permanent taldeen artean dago lehia.

Hilaren 14an, Eskorzo, Vendetta, Ainhoa Cantalapiedra edo Kaotikoren esku geratuko da jaiak girotzea. Bukatzeko, 15ean Udalak aukeratutako kartelburua igoko da agertokira. Oraindik, ostera, ez dute iragarri zein izango den aurtengo protagonista nagusia.