Albisteak

Asteburuan

EHZ Nomada jaialdi ibiltaria: hiru egun, hiru geraleku

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Baigorrin hasiko da jaialdia ostiralean; egun bat geroago, Baionara mugituko da, eta Itsasuk hartuko ditu azken ikuskizunak, uztailaren 1ean.

  • EHZ Nomada

    EHZ Nomada

Aspaldi iragarri genuen aurten ez dela Euskal Herria Zuzenean jaialdia egingo. Iaz eguraldi kaskarragatik festibala bertan behera utzi ostean, indarberrituta itzuli nahi dutela adierazi zuten antolatzaileek, eta, horretarako, aurten atseden hartzea erabaki zuten. Dena dela, EHZ Nomada jaialdia jaio da, formatu berri batekin.

Orain arteko jaialdiarekin alderatuz, baditu berritasunak EHZ Nomadak; izan ere, ibiltaria izango da, hiru geraleku izango baititu, egun bakoitzeko bat.

Ekainaren 29an, Baigorriko plaza aniztasun artistikoen topaleku bihurtuko da. Bi antzezlan egingo dituzte bertan, eta, ondoren, Doctor Mephisto taldearen kontzertuak hartuko du tokia.

Ekainaren 30ean, berriz, Baionan du hitzordua EHZ elkarteak. Dantza ikuskizunak, txarangak, argazki erakusketak, magoak eta zirkua izango ditu ardatz egun osoko egitarau oparoak. Musikari dagokionez, gauerdian igoko dira oholtzara Kolinga bikotea, Baionako Le bal du samedi soir DJ kolektiboa, Pelax talde donostiarra, Yassassin taldea eta Casey rap kantaria.

Bukatzeko, Itsasura mugituko da EHZ Nomada uztailaren 1ean. Han, haur, gazte zein helduei zuzendutako ekintzak antolatuko dituzte. Gaua iritsitakoan, Foisis Jaunak taldeak Itoizen kantuak taularatuko ditu.

EHZ NOMADA EGITARAUA