Albisteak

Abenduaren 28an, Atarrabian

Vendetta taldeak Hatortxu Rock jaialdian emango du bere ibilbideko azken kontzertua

LUZIA ZUGADI | EITB.EUS

Abenduaren 28an agurtuko ditu betirako jarraitzaileak Vendetta talde nafarrak. Hitzordua Atarrabian izango da, eta sarrerak salgai daude jada, 13 euroan.

  • Vendetta. Argazkia :Gaizka Peñafiel

    Vendetta. Argazkia :Gaizka Peñafiel

Hatortxu Rock jaialdiko antolatzaileek eta Vendetta taldeko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur Iruñean, albiste garrantzitsu baten berri emateko. Azken egunotan sare sozialen bidez ibili dira iragartzen berri ahaztezina izango zela gaurkoa, eta azkenik iritsi da jarraitzaileen artean ikusmin handia piztu duen albiste hori.

Dakizuenez, aurten emango ditu azken kontzertuak Vendettak, taldea desegin aurretik. Hain zuzen ere, abenduaren 28an zapalduko dute azkenekoz oholtza. Egun horretan Atarrabian arituko dira, Hatortxu Rock jaialdian.

22 edizio beteko ditu aurten Hatortxu Rockek, eta, ohi bezala, talde sonatuak gonbidatuko dituzte bertara. Oraingoz, ostera, Vendettaren agurra soilik aurreratu dute.

Sarrerak

Salgai daude jada abenduaren 28ko hitzordurako txartelak. Lehenengo 300 sarrerek 13 euroko prezio berezia izango dute, baina horiek saldutakoan, 17 euroan egongo dira eskuragarri.